Aldi baterako erakusketa
2025.06.07 – 2025.09.28
Historian emakume boteretsuek euren irudia, alegia janzkera, helburu zehatz bat lortzeko erabili izan dute: boterea islatzea, gobernu edo monarkia baten irudi izatea, emakumeei begirako ahalduntze mezua zabaltzea...
Erakusketa honetan bederatzi emakumezko besteak beste: Isabel I erregina, Eugenia de Montijo, Eva Peron, Jacqueline Kennedy edo Lady Di-ren jantzi esanguratsuenen erreplikak ikusiko ditugu, eta alboan euren biografia, diseinatzaile gogokoenak eta estiloaren inguruko informazioa biltzen duten kartelak irakurgai.
9 emakume, 9 look eta estilo, horietako asko gaurko egun diseinatzaileen inspirazio iturri dira.
Isabel I
Isabel I.a (1533-1603), Enrike VIII.a Ingalaterrakoaren eta Ana Bolenaren alaba, Ingalaterrako eta Irlandako erregina izan zen 25 urterekin tronura iritsi zenetik 69 urterekin hil zen arte.
Ingalaterrako Isabel I.ak ikusia izateko janzten zuen, bere irudiak txunditzea zuen helburu, boterea, agintea eta aberastasuna islatuz. Erreginak beti jantzi onena zeraman, ehun onenak zituena, lepoko erraldoiak, perlak eta harribitxiak. Isabeldar estiloa oparotasunaren sinonimoa zen.
Maria Antonieta
Maria Antonieta Austriakoa (1755-1793), Frantzisko I.a enperadore germaniarraren eta Maria Teresa I.a Austriako enperatrizaren hamabosgarren alaba, 14 urte zituela, Frantziako errege izango zen Luis XVI.arekin ezkondu zen. 18 urterekin Frantziako eta Nafarroako erregina bihurtu zen. 1789ko Frantziako Iraultzan, senarrarekin batera atxilotu, epaitu, eta gillotinan exekutatu zuten. 37 urterekin hil zen.
Maria Antonietaren diseinatzailea Rose Bertin izan zen, bien artean, Europan rococo berantiarraren moda izan zen estiloa sortu zuten. Bertin erreginaren lagun onena izatera iritsi zen, erreginak "modaren ministro" izendatu zuen.
Eugenia de Montijo
Eugenia de Montijo (1826-1920) espainiar aristokrata, Napoleon III.aren emaztea, eta Frantziako enperatriza izan zen. Emakume kultu eta fina, garaiko idazle eta artistak babestu zituen eta Frantziako goi mailako joskintzaren industria bultzatu zuen.
Eugenia de Montijok berebiziko garrantzia izan zuen, goi mailako joskintzaren aita izan zen Charles Frederick Worth-en ibilbidean. Eugenia de Montijok mota guztietako ekitaldietan janzten zituen Worthen diseinuak, modu horretan bezero berriak erakarriaz. Bien lankidetzari esker, Worth Europako gorte ezberdinetako jostun ofiziala bihurtu zen, eta Eugenia de Montijo garaiko influencer handiena.
Sissi
Isabel Bavariakoa (1837-1898), Sissi ezizenez ezaguna, Austriako enperatriza eta Hungariako erregina izan zen. Bavariako Maximiliano dukearen eta Bavariako Ludovica printzesaren alaba, Austriako enperadorearen emazte izateko bere ahizpa nagusia aukeratu zuten, baina enperadoreak 16 urte zituen Sissi ikusi zuenean, maitemindu egin zen, eta berarekin ezkontzea erabaki zuen. Ez zuen enperatriza izateko inolako prestakuntzarik, eta gortea beti kontra izan zuen. 60 urte zituela hil zen anarkista italiar batek sastatuta.
Diseinatzaile ezezagunek jositako arropa janzten zuen, baina ekitaldi garrantzitsuetarako Charles Frederick Worthen diseinuak jantzi zituen, esaterako, Hungariako errege-koroatze ekitaldirako. Gorteko soinekoak ez zituen gustuko, nahiago zituen diseinu sinple eta dotoreak.
Eva Peron
Eva Perón (1919-1952) aktore, politikaria, Argentinako lehen dama, Emakumezkoen Alderdi Peronistako eta Eva Perón Fundazioko presidentea izan zen. 33 urte zituela hil zen umetoki-lepoko minbiziaren ondorioz.
Jatorri apalekoa, pisu politikoa irabazi ahala, goi mailako emakumeek klase gabeko eta baldartzat hartzen zutela ikusita, horiei aurre egiteko eta bide batez, emakumeei ahalduntze mezua emateko moda eta goi-mailako joskintza tresna gisa erabili zituen.
Coco Chanel
Gabrielle Chanel, Coco Chanel (1883-1971) ezizenez ezaguna, Frantziako goi mailako joskintzako diseinatzailea eta Chanel markaren sortzailea izan zen. 1910eko hamarkadan, enpresari gisa arrakasta lortu zuen, eta erreferente sozial bilakatu zen. Coco Chanel 87 urterekin hil zen.
Coco Chanelek erosotasuna bilatzen zuen bere diseinuetan, helburu horrekin puntuz egindako arropak eta belaunen azpirainoko gonak diseinatu zituen. Gainera, emakumeen artean ile motza bultzatu zuen askapenaren eta bizimodu berri bat ikur gisa. Halaber, marinel bretoien kamisetetan oinarrituta, Parisen chic estiloa bilakatu zen marinel diseinua sortu zuen.
Jacqueline Kennedy
Jacqueline Kennedy Onassis (1929-1994) John F.Kennedy presidentearen emaztea eta Estatu Batuetako lehen dama izan zen. Kennedy-ren bi urteko agintaldian, Etxe Zuria zaharberritu zuen, harrera ofizialen eta estatu-afarien protokoloak aldatu zituen, eta Estatu Batuen irudi berria bihurtu zen. Bere bigarren senarra Aristoteles Onassis armadore greziarra izan zen. Jacqueline Kennedy 64 urterekin hil zen.
Etxe Zurira iritsi zenean, John F.Kennedy harremanetan jarri zen Oleg Cassinirekin, Hollywoodeko emakume aberats eta izarren diseinatzaile gogokoena zenarekin, Jackie Kennedy-rentzat estilo propioa sortzea eskatu zion, berak maite zituen Chanel eta Givenchyren arteko nahasketa, baina amerikar kutsua zuena.
Audrey Hepburn
Audrey Hepburn (1929-1993) Hollywooden urrezko garaiko aktore, modelo eta dantzari belgikarra izan zen. Hepburn da Oscar bat, Emmy bat, BAFTA bat, urrezko globo bat, Grammy bat eta Tony bat irabazi duen pertsona bakarrenetakoa. 60ko hamarkadaren amaieran, UNICEFekin lankidetzan hasi zen, eta Borondate Oneko enbaxadore izendatu zuten. 63 urterekin hil zen.
Hubert de Givenchy diseinatzaile frantziarraren musa izan zen. Givenchyk bere lehen perfumea "L 'interdit" izenekoa Hepburnek bakarrik erabili zezan sortu zuen.
Lady Di
Diana Spencer, "Lady Di" bezala ezaguna, gaur egungo Ingalaterrako erregearen, Carlos III.aren, lehen emaztea izan zen. Koroaren ordezkari izan zen askotan, eta HIESa duten gaixoen aldeko eta lurreko minak kentzeko kanpainak bultzatu zituen. 1992an banandu zen garai hartan Galesko printzea zenetik, bost urte beranduago hil zen, 36 urte zituela, trafiko-istripu batean.
Catherine Walker izan zen Galesko printzesa bihurtu zenean bere look-a sortu zuen diseinatzailea, baina bere konfidantzako diseinatzailea David Sasson izan zen, honek hirurogeita hamar look baino gehiago egin zituen beretzat. Dior, Chanel, Valentino, Lacroix, John Galliano eta Gianni Versaceren diseinuak ere jantzi zituen.
Larunbata
11:00 – 14:00
17:00 – 20:00
Igande eta jaiegunak
11:00 – 14:00
Sarrera orokorra: 3€
Bisita gidatua: 7€
. 5 urtetik beherakoak DOAN
. Hilabeteko lehen igandea DOAN
JZ laguna egin